Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, SPRIrekin lankidetzan, ETEentzako 2022ko laguntzak aurkeztu ditu. Planak 74 programa jasotzen ditu, 590 milioi euroko aurrekontuarekin. Laguntza horien bidez, industriak azken hilabeteetan erakutsi duen dinamismoa bultzatzen jarraitu nahi da, ekonomiaren suspertzea gidatuz eta kalitatezko enplegua sortzen lagunduz. Azken helburua eredu ekonomiko inklusibo eta jasangarri bat indartzea da. «Otsailaren 23an, 24an eta 25ean informazio-jardunaldi telematikoak egin ziren, eta enpresek programa bakoitzaren xehetasunak ezagutu ahal izan zituzten.
Laguntza horien funtzio nagusia sortzen ari diren aukerak aprobetxatzeko gai diren proiektuei laguntzea da, hau da, proiektu eraldatzaileei, eta, beraz, 590 milioien % 70 I+G+b programetara eta trantsizio energetikora bideratzen da. Laguntzak osatzeko, ekarpen garrantzitsuak egin dira industriarako, nazioartekotzerako eta ekonomia eta enplegua bultzatzeko landa-eremuan eta itsasertzean.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak koordinatuta, sozietate publiko guztiek (SPRI Taldea, EEE, IHOBE, URA, HAZI FUNDAZIOA eta ELIKA) batera lan egiten dute, laguntzen informazioa Euskadiko enpresa guztietara irits dadin eta, horrela, horiek eskuratu ahal izan ditzaten.
Informazio-jardunaldiak:
Otsailaren 23an, Teknologia, Berrikuntza eta Ekintzailetza: teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuorde Estibaliz Hernáezek, bere arloko zuzendariekin batera, ikerketa, berrikuntza, eraldaketa digital eta ekintzailetza programak azaldu zituen. Helburua da Euskadi Europako berrikuntza-gune gisa finkatzea, enpresa teknologikoen sorrera % 10 handitzea eta Euskadi tokiko industriarekin lankidetzan aritzen diren nazioarteko startup ekosistema bultzatzaile gisa kokatzea.
Otsailaren 24an, Industria, Energia eta Ingurumena: Mikel Amundarain Industriako sailburuordeak eta Amaia Barredo Ingurumeneko sailburuordeak, saileko beste arduradun batzuekin batera, industriaren garapenerako, nazioartekotzerako, energia-eraginkortasunerako eta berriztagarrietarako eta ingurumenerako laguntzak aurkeztu zituzten. Programa horien helburua da industria eta zerbitzu aurreratuak BPGaren % 40ra iristea eta energia berriztagarrien kuota energiaren azken kontsumoaren % 20 izatea. Gainera, berotegi-efektuko gasen emisioa % 30 murriztu nahi da, hondakinen sorrera murriztu eta horien balorizazioa eta berrerabilera areagotu, ingurumen-estrategia zeharkako politika gisa ezarri eta uraren, lurzoruaren eta airearen ingurumen-adierazleak hobetu, biodibertsitatearen defentsa eta errespetu handiagoa lortzeko.
Otsailaren 25ean, Lehen Sektorea eta Landaren eta Itsasertzaren Garapena: Bittor Oroz Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeak eta Leandro Azkue Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak lehen sektoreari, elikaduraren industriari eta iraunkortasunari, laguntzak aurkeztu zizkioten. Programa horien helburua da Euskadin elikagaien ekoizpena handitzea eta lurralde-oreka handiagoa bermatzea, landa-guneetan eta itsasertzetan bizi diren eta lan egiten duten pertsonei bizi-kalitatea emanez.