Espezie hautaketarako Omegabyte taldearen » Sharksafe » proiektuak Bermeo Tuna World Capital izeneko Innovathon antolatuaren lehen saria lortu du. Proiektu irabazlea inguraketa-arrantzako sistema selektiboagoa eta iraunkorragoa ezartzean oinarritzen da.
Arrantzaren Munduko Egunarekin bat eginez, 20 taldek parte hartu zuten Bermeoko Tuna World Capital Elkarteak antolatutako lehen Innovathon-ean. Talde horien artean startup-ak, ekintzaileak, azken ikasturteko ikasleak, graduatu berriak eta masterreko ikasleak zeuden. Guztira, 80 parte-hartzaile izan ziren ( % 75 Euskadikoak eta % 25 estatukoak) eta industriaren iraunkortasuna hobetzen lagunduko duten ideia berritzaileak sortzen lan egin zuten, Satlink, Eroski, Azti, MSC, Albacora, BEAZ Bizkaia, Bolton Food eta ISSF bezalako erakundeen aholkularien laguntzarekin.
Innovathon Bermeoko parte-hartzaileek honako lau erronka hauetako bati erantzun behar zioten: nola hobetu daitezke kontrol-, jarraipen- eta trazabilitate-mekanismoak, atunaren arrantzan legez kanpoko jardunbideak amaitzeko? Nola eman dakioke kontsumitzaileari atunaren jatorriari buruzko informazio gardena, argia eta erraz eskuratzeko modukoa, balio handiagoa emanez eta erosteko erabakia hartzen lagunduz? Nola murriztu daiteke nahi ez diren espezieen harrapaketa eta nola hobetu daiteke kalterik gabe? Eta nola kudea daiteke arrantza-aparailuek sortutako kutsadura, materialak hobetuz eta/edo horiek optimizatuz eta maximizatuz?
Omegabyteko taldeak inguraketa-sareetako espezie osagarrien harrapaketa murrizteko erronka aukeratu zuen; izan ere, inguraketa-arrantzaren metodoa, nahiz eta beste arrantza metodo batzuk baino hautakorragoa izan, batzuetan produktibitate txikiko espezieak harrapatzen ditu, hala nola marrazoak, eta horrek zuzenean eragiten dio itsas ekosistemari.
Horrela, biodibertsitatea aberasteko eta arrantza-sektoreari errespetuzko arrantza egiten laguntzeko borrokan beren aletxoa jarri nahi izandute.
Epaimahaia Anabac eta Opagac, BTWC, Azti, Bermeoko Udala eta Nazio Batuen itun globalari lotuta dagoen CEiiA elkarteetako ordezkariek osatu zuten. Epaimahaiaren azken ardura proiektuak ebaluatzea eta aurkeztutako lanen artean erronka irabazlea erabakitzea izan zen. Lan guzti horiek oso maila altukoak izan ziren, eta oso hautagai gazteek bultzatu zituzten; horietako askok ez zuten esperientziarik sektorean, baina, ordea, ideiak eta konponbideak sortzeko gaitasun handia erakutsi zuten.
Saria honako hau da: 10.000 euroko ekarpen ekonomikoa, 70 orduko mentoring zerbitzua, proiektua garatzeko Udalak Bermeon emandako lokala, eta 2021ean Lisboako Innovathon txapelketaren finalera bidaia, non talde irabazleak bere negozio eredua aurkeztuko duen Nazio Batuen ozeanoen Mundu Biltzarraren esparruan.
Innovathon Bermeo Bermeo Tuna World Capital elkarteak sortutako ekimena da, eta Eusko Jaurlaritzaren, Itsas Garapen Elkartearen, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bermeoko Udalaren eta Azti zentro teknologikoaren lankidetzarekin. CEiiAren eta Nazio Batuen Mundu Itunaren Ozeanoen Plataformaren babesa ere badu.


