Ekonomia Urdina garapen modu bat da, itsasoaren potentziala baliatzen duena ongizate sozial eta ekonomikoa sortzeko, itsas ekosistemen oreka arriskuan jarri gabe. Euskadin, ikuspegi horrek berrikuntza, lurralde-kohesioa eta gure kostaldeko komunitateen etorkizuna bultzatzen dituen eredu jasangarria sustatzen du.

Garapen orekatuaren aldeko apustua da, tradizioa eta modernitatea lotzen dituena, eta itsasoarekin dugun lotura indartzen duena, bizitza, identitate eta aukera-iturri gisa.


Ekonomia Urdina, itsasoarekiko harremanetik abiatuta etorkizuna eraikitzeko modu bat da. Kostaldean bizi direnentzako enplegu eta biziaukera berriak sortzea dakar, ingurunea errespetatzen duten eta pertsonen egunerokoa hobetzen duten proiektuak sustatuz.

Zaintzen duen ekonomia bat da, tokiko ezagutza baloratzen duena, itsasotik gertu ekiten eta lan egiten dutenei laguntzen diena, eta pertsonak eta haien komunitateak erdigunean jartzen dituena.


Arrantza-sektorearen barruan dibertsifikazioa, itsas lanarekin zuzenean lotutako jarduera modu berriak irekitzean datza. Dauden baliabideak, ezagutzak eta azpiegiturak hobeto aprobetxatzeko modu bat da, inguruneko aldaketetara egokituz eta aukera berriak sortuz, sektorearen beraren parte izateari utzi gabe.

Dibertsifikazio horrek aukera ematen du arrantzatik bizi diren pertsonen eta enpresen iraunkortasun ekonomikoa indartzeko, haien lan egonkortasuna hobetzeko eta etorkizuneko erronken aurrean erresilientzia handiagoa sustatzeko.


Arrantza-sektoretik kanpoko dibertsifikazioak, arrantzari zuzenean lotuta ez dauden jarduera berriak sortzea bultzatzen du, itsasoari lotutako pertsonentzat enpleguaren eta ekintzailetzaren benetako alternatiba izan daitezkenak.

Arrantzatik bizi izan direnen esperientziaz, baloreetaz eta nortasunaz baliatzeko bide bat da, beren burua berrasmatzeko eta beste lanbide batzuetatik komunitateei ekarpenak egiten jarraitzeko aukera eskainiz. Horrela, etorkizuneko aukerak zabaltzen dira kostaldean, arrantza sektore tradizionaletik haratago.